XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Larzac-eko zelaia ta Garazi-Xuberoko mendiak

Abuztuaren 25 eta 26-an, bazen Larzac-en elgarretaratze haundi bat.

Zenbaitek erran dukete, bazter nahasleen biltzarre bat zela beharbada.

Egiari zor baizaio berea, hemen erran behar dugu zer den Larzac-eko afera eta zertako muntatua zen direla zenbeit egun egina izan den biltzar haundi hori.

Zer da Larzac-eko ixtorioa

Eskualde hartan bada jadanik hiru mila hektarako kanpo bat armadak bere peko duena, laborarieri kendua, bere tresnekilan trebatzeko eta pikoan ezartzeko bere jokoak.

Duela hiru urte, gobernioak erran du garbiki telebixtan, beste hamalau mila hektara, armadak behar dituela hartu hango laborarieri, eta hori beti bere lanaren egiteko, erran nahi baita: jenden hiltzeko tresnen pikoan ezartzea.

Hori, hango laborariek (103 etxalde hunkiak dira lur jabetze horietaz), ez dute onhartzen ez eta ere egin gogo.

Zergatik? bakotxak bizitzeko behar duen tresna berezia: Lurra galtzen baitu.

Zer eginen du gero? norat joan? zer egin? armadak, hor ez du kasik batere lanbiderik emanen (dotzena bat).

Horien lekuan bagine zer egin ginezake?

- Uzten badituzte lurrak armadari, hango laborariek erran daukute, heldu den jenerazioneak, heldu diren gaztek, ez dutela barkatzen ahalko ahulezia hori.

Ez dute gogoan igan nahi, orai beren izerdiaz antolatzen dituzten lurrak, egun batez armadaz xehatuak izanen direla; ezen jadanik armada den lekuan oro erreak dira, hilak...

- Diote hango laborariek, ez dela gerla preparatuz, bakea ezarriko; lurra ez dela hiltzeko tresnen pikoan ezartzeko, bainan biziaren emaiteko eta hedatzeko.

Jakin behar da Frantziak biziki gerlako tresna saltzen duela erresuma pobrer, gobernuari jazartzen direnen zapatzeko.

Guk zer diogu

Kasu horrek zinez garbiki erakusten du nola erabiliak giren.

Gizon bakar batzuek, giderrak dituztenek, bertze guzien zortea deliberatzen dute.

Armak salduz, dirua irabaziko dute zenbaitek, bainan hortako laborariak behar ote dira bota, trebeska diren puska tzar batzu bezala?

Telebixtak ez du aipatu Larzac-eko afera, erraiteko baizik, leku pobre bat zela, ez dela jende xaharrik baizik... Gure begiz ikusi duguna, Larzac-eko kaskoan, geientsuak laborari gazteak dira, laborantzako molde berrietan arras jarriak.

Beraz 103 laborariek ez dute handik joan nahi bainan errana dute behar dutela laguntza; horier gertatzen dena, guri ere gertatzen ahal egun batez.

Gobernu ta armadaren egitate horri ez amor emaiteko, laborariek oihu egina dute, kasatzeko mementoan, milaka jendeak jazar diten horien sustengatzeko: - Ez dute nahi laborariari tresna baitezpadakoa, lurra, kendua izan dakion.

- Ez dute onhartzen armadak, behar gabe gure dirua xahu dezan jenden hiltzeko.

- Ez dute onhesten ahal, laborarien geroa, bakar batzuen eskuetan izan dadin.

- Ez dute onhartzen, beren zuzena eskatzen dutelarik, langileria eta laboraria zapatua izan dadin.

Laborari horien gudua, gurea delakoan, hortako gira bildu Larzac-en, duela hamabortz egun; baginden 80 mila bederen; biltzarre hori muntatu dutenek zioten: Elgarri parte eman dugu gure borrokaz, libroki, goxoan.

Biharko gudua

Gure alderdian ere, badugu Larzac bat.

Ez dugu armada partida, bainan aberatsendako muntatzen ari den turismoa.

Turismoa pasatzen da laborantza eta lantegiak baino lehen.

Gure alderdi hau ez ote da Zone verte klasatua gobernioaz? Beraz, ez harri, husten ari badira zonbait xoko laborariez; ez harri ez bada aski biderik...

Larzac-eko ardia itxuretan, Lip muntra bat sabelean: artzain eta langilen griñak elgarretaratuz...